Adierazpenaz gainera, APS agentziak ETAren ordezkariei galdera batzuk luzatzeko aukera izan du. Elkarrizketa horretan adierazpenaren inguruko zehaztasun gehiago eskaintzen du ETAk.
Hainbat komunikabidetan zabaldu da ETAk PNV eta EArekin akordioa sinatu duela. PNVk eta EAk hori gezurtatu egin zuten arren, ETAk dio akordio hori sinatu egin zela. Ba al dago horren frogarik?
Egia da mundu guztiak hitz egin duela horretaz ETAk izan ezik. Guk baietz esan dugu eta baietz esan dugunean halaxe da.
Urte honetan zehar Gobernu espainiarrarekin harremanak izan dituzue. Zertan dira harreman horiek? Zein da Gobernu espainiarraren jarrera?
Harreman horietan esan beharreko lehenengo gauza da ekimena hasi zenean Gobernu espainiarra erabat jokoz kanpo geratu zela, ekimena nondik nora zihoan eta nola erreakzionatu zezakeen jakin gabe. Gerora, bere asmo bakarra negoziaketa prozesu birtual faltsua eraiki nahi izatea eta denbora irabazi nahi izatea izan da. Jakina denez eta erakundeak argitara eman duen bezala, bilkura bakarra izan da Gobernu espainiarraren ordezkarien eta erakundearen ordezkarien artean, eta bilkura horretan hitz egindako gauza apurrak ere ez ditu errespetatu Gobernu espainiarrak. Espainiaren eta Frantziaren jarrera urte honetan zehar berdina izan da: errepresioa mantentzea eta konponbide demokratiko eta baketsua etengabe eragoztea. Ez dute urrats txikiena ere eman konponbide hori bilatzeko.
Su-etena hautsi ondoren zer gertatuko da Lizarra-Garaziko Hitzarmenarekin eta Udalbiltzarekin?
Lizarra-Garaziko Hitzarmenak bi atal eta bi funtzio nagusi ditu. Bata gatazka politikoaren diagnosia egitea, gatazkaren ezaugarriak azalaratzea, hau da, hemen gatazka politiko bat dago eta gainditu egin behar da. Eta bigarren atal eta ekarpen gisa hori gainditzeko metodologia eskaintzea; nola konpontzen den, nola ematen zaion irtenbidea. Eta beraz pentsatzen dugu balio berbera duela, bai orain dela sei hilabete, eta baita sei hilabete barru ere, etorkizunean. Izatekotan gehiago, gatazka gainditzeko metodologia eskaintzen duelako. Beraz, ez dugu ikusten zergatik gertatu behar den ezer Lizarra-Garazirekin, ez bada lana areagotzea eta indar gehiago jartzea bere zereginetan.
Udalbiltzari dagokionez, Udalbiltzak berak kaleratutako txostenetan agertzen den bezala, Euskal Herriaren errealitate bati erantzuteko sortzen da, hau da, Euskal Herrian dauden hutsune eta arazo batzuei aurre egiteko. Eta hor planteatzen da arloz arlo aztertzea zein den Euskal Herriaren egoera, ekonomian, kuturan, euskara arloan eta abar. Eta, era berean, aztertu egiten da zeintzuk diren falta zaizkigun baliabideak, eta, besteak beste, baliabide instituzionalak. Eta horretan ari dira lanean. Ez dugu ikusten borroka armatua hasiz gero arazo horiek desagertuko direnik. Eta, beraz, Udalbiltzaren arrazoia eta funtzioa berdinak izango dira, eta uste dugu aurrera jarraituko duela.
![]() |